XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ixiar zuen izena. Neska bixia, maitagarria.

Behin batean, Maritxu Guler-engana joan zen, bere etorkizunaz galdezka.

Eta Uliako Sorgin Zintzoa deitzen zuten hark, eskuak eta beste aztertu ondoren, urte askoan biziko zela esan zion.

Handik laster, minbizia azaldu zitzaion Ixiarri, eta luze gabe hil zen, 30 bat urte zituela.

Igarle-jende hori zenbaterainoko iruzurgilea den frogatua ikus dezakegu pasadizo horretan; sinesmen handia duen batek, berriz, esan lezake Maritxuk antzeman ziola gaitzari, baina heriotzaren hurbila sumatuta ez ziola atsekaberik eman nahi izan Ixiar gaixoari.

Imajina ezazue orain EHkoak doazela Maritxu Gulerrengana, edo, hura ere hil zenez gero, espiritismo-saio baten bitartez lortzen dutela harekin harremanetan jartzea.

Normala den bezala, EHko buruzagiek jakin nahiko dute zer moduz joango ote zaien hurrengo hauteskundeetan, abstentzioaren aldeko kanpaina dela eta.

Zer esango ote lieke Uliako argikusle hark? Zer esango ote zeniekete zuek? Ez pentsa horren hipotesi xelebrea denik, azken batean horren antzeko trantze batean daude Herri Batasunako kide gehienak, egunotako batzarretan erabaki beharrekoaz pentsatzen, zuzendaritzari ezin kontra egin eta tabernako solasaldietan elkarri burua berotzen.

Burua gehiegi nekatu gabe, egundoko arrakasta iragarriko nieke nik Mahai Nazionalekoei.

Jakina baita abstentzioa dela beti alderdirik bozkatuena; ohizko %30-35ari beste mordoxka bat eransten badiogu, aise pasatuko dute %40a, boto-emaile posibleen erdira hurbilduz.

Kristorenak gara, gu bai mutilak!, pentsatuko dute batzuek gainera.

Maritxuk ez lieke esango, ordea, Ixiarri minbiziarena esan ez zion bezala, zenbateraino den barregarria orain hartu duten jarrera, HBk bere historian egin duen umekeria handienetako bat.

Estatua, Espainia, Konstituzioa eta Ama Santisima ere deslegitimatzen dutelakoan, eta bitartean barrez lehertzen imajinatzen ditut nik Mayor Oreja eta konpainia, zelako beldurra esan eta elkarri ukondokada emanez, txotxongiloetako otso gaiztoa agertzen denean bezala.